Zibila
Zuzenbide Zibilean espezializatutako talde bat dugu, hainbat profesionalez osatutakoa. Era berean, kalitatezko zerbitzu orokor bat emateko, merkataritza zuzenbideko eta zerga zuzenbideko profesionalekin koordinatzen dira, eta, horri esker, irtenbide ugari eta irudimentsuak aurki ditzakegu.
Obligazio zuzenbidearen esparruan, kontratuak eta beste edozein negozio juridiko zibil planifikatu eta idazten ditugu: higiezinen eta higigarrien salerosketak, erosteko eta saltzeko aukerak, epekako salmentak, jabari erreserbak, xedatzeko debekuak, erabilera- eta gozamen-lagapenak, prekarioak, dohaintzak, landa eta hiri higiezinen errentamenduak, obra kontratuak, giltza eskuko kontratuak, zerbitzu prestazioak, maileguak, hornidurak, abalak, fidantzak eta bermeak, finantza errentamenduko eragiketak, lease-back...
Eskubide errealen arloan, higigarrien nola higiezinen jabetza-eskubidearekin lotutako edozein izaerako aholkularitza alde batera utzita, azalera-eskubideei, eraikuntzari eta azpi-eraikuntzari, hipotekei, bermeei, usufruktuei, zortasunei eta abarri buruzko aholkularitza ematen dugu. Jabari espedienteetan, obra berria deklaratzeko eragiketetan, jabetza horizontalean, jabetza etzanean, multijabetzan ("time-sharing"), elkartzeetan, eransketetan, banantzeetan eta finken zatiketetan eta abarretan ere esku hartzen dugu.
Oinordetza zuzenbidearen eremuan, gure ezarpen-eremu propio eta naturalari esker, Euskadiko eta Nafarroako Zuzenbide Zibileko edo Foru Zuzenbideko espezialistak bihurtu gara. Testuinguru horretan, esperientzia egiaztatua dugu testamentuak (irekiak, mankomunatuak, komisario bidezkoak, olografoak...) edo beste oinordetza figura batzuk (oinordetza itunak, “mortis causa” dohaintzak, fideikomisoak...) planifikatu eta diseinatzerakoan, bai zuzenbide orokorrean, bai foru zuzenbidean. Esperientzia handia dugu, halaber, ezkontza-erregimen ekonomikoen likidazioak eta herentziak planifikatzeko orduan, betiere eragiketa horien optimizazioa lortzen saiatuz zerga zuzenbidearen ikuspuntutik.
Azkenik, Familia zuzenbidearen arloan (bai zuzenbide orokorrean bai zuzenbide foralean), gure aholkularitza modu mugatuagoan ematen da. Izan ere, kontuan hartuta gure bezero gehienak enpresak direla, arlo zehatz honetan, gure aholkularitza bezero diren enpresetako bazkideei edo zuzendariei eragiten dieten arazoei irtenbidea ematera mugatzen da. Zehazki, beren ezkontza hitzarmenen eta ekonomia eta ezkontza erregimenaren arloan (irabazpidezkoak, ondasunen banantzea, konkistak, foru-komunikazioa, parte-hartzea...), bai eta unean-unean aholkularitza emanez ere deuseztasun, dibortzio edo banantzeko prozedimendu ez-judizialetan.